Aspaldiko harrikada dugu hau, urteetan gure buruan ibili den ideia. Iraila hilabete zaila, berezia eta emozioz jositakoa izaten da Agoizko Haur Eskolan. Haurren malkoak, helduen urduritasunak eta hezkuntza ekipoaren ezinegona nabariak dira lehen asteetan. Irriak tarteka sortzen zaizkigu bertan ibiltzen garenoi, eta gehienetan, Magdalena eta Carlos IIIa esku txiki batek heltzen dituenean ematen da une hau.
Musika arimak dantzan jartzeko baliabidea da, haurrekin komunikatzeko modu eder bat. Ta badakizue? 0-3 urte bitarteko haurrek gehien maite duten musika tresna danborra da. Zarata ozen, eder eta erritmoduna ateratzen duen kutxa. Askotan ez da beharrezkoa izaten danbor bat esku artean hartzea, haiek makil batekin lurraren kontra gustura oso aritzen direlarik.
Lehen eguzki izpiekin batera Taupadak Haur Eskolako patioan Reparazeak eskaintzen dizkigun “barkilak” zezensuzko bihurtzen dira. Entzun arren San Fermin eta suziriekin batera korrikaldi ederrak bizi izan ditugu. Zenbat barre, algara, negar, ilusio… plastikozko kutxa bat buruan jartzerako unean.
ERRALDOIAK, DANBORRA ETA ZEZENSUZKOA, hiru haurrak heldutako jolas maitatuenak. Haurrak erdigunean jarri nahi izan dituen kartela sortu dugu Agoizko Haur Eskolako langile guztiok. Ahantzita izaten ditugun herritarrak dira, oraina eta etorkizuna. Ta jai giroan ere badugu zer pentsatu, birmoldatu eta eraiki guztiok elkarrekin: zer nolako jai eredua nahi dugu herriko txikientzat?